Volver a
Página Principal

 

Irungo Udal Alardearen Juntak eta Bidasoaldeko Emakumeak (BAE) IRITZI PUBLIKOARI

 

 

Irungo Udal Alardearen Junta

Bidasoaldeko Emakumeak

IRUN, 2000ko maiatzaren 25ean

 

 

 

 

Ongi nahi genuke egun, zuen guztion aurrean, Irungo herri guztia hartuko duen Alarde bakar bat, bazterketa eta segregazioa alde bat utzi dituen Alarde bakar bat aurkeztu.

Oinarri horietan gorpuztuko den Alarde bakarra da, izan da eta izanen da gure xede bakarra, gure lanaren helburu bakarra. Ildo horretan, Alarde Ofizial baten antolakuntza lanei heldu genien, Alarde horrek helburura hurbilduko gintuelakoan. Baina horretarako, ezinbestekoak dira Udalaren konpromezua eta laguntza.

Eta ez da, zoritxarrez, horrelakorik izan. Joan den urteko Alardetik hona bizi izan dugun urte honetan garbi asko ikusi dugu Irungo Udala, Alberto Buen Lacambra (PSOE) buru, bazterketaren aurka dihardugun taldeokiko lankidetza hausten saiatu dela etengabe.

Halatan, jaia arautzen duen Ordenantza aldatzeko proposamen bat aurkeztu du Alkateak, legez kanpo egiten segitzen duten Alarde baztertzaileari laguntza ematea beste asmorik ez duena, gizarte ez baztertzaile, integratzaile eta demokratikoaren alde gaudenon arrazoiei ez entzunarena eginez. Areago, errespetatu ere ez du egin legezko jardunbidea, iruzur eginez aldatu baitu udal araudi bat.

Hona hemen Udal Alardea aurtengoan antolatzeko ezarri dituen baldintzak:

  1. Ordutegi guztiz bestelakoa, Ordenantzan zehazten denaren aldean.
  2. Udalak ez du Jenerala izendatuko.

  1. Finantzaziorako proposamen bitxia, onez onenean, "arauz kanpokotzat" jo genezakeena.
  2. Borondate politikorik ez, Alarde bakar baten eta gatazka gainditzearen aldeko ekimenean.

Azken batean, Irungo klase politikoak PSOE-PP gobernu taldea aitzindari, EAJ-EA "oposizioa" laguntzaile bertan behera utzi du, arduragabekeria handian, kontsentsurako bideak eta elkarri aditzeko, eta ez elkar xahutzeko, guneak urratu eta zabalduko lituzkeen ekimen oro. Nahiago du, nonbait, oraingo giroan segi.

Egoera honetan, ez dugu Udal Alardea antolatuko. Aldi berean, beharreko ekintzak bultzatu eta egingo ditugu, herritar gisa dagozkigun eskubideen jardun osoan, Irungo herri guztiarentzako bazterketan oinarritzen ez den jai bakar bat erdietsi arte.

Gure helburua ez da, sekula ere ez da izan, berdintasunaren itxurak egingo dituen eszenatoki mugatu marjinal batez hornitzea. Sektore politikoren batek edo hedabideren batek egutera zati txiki batekin konforme gaudela uste badu, jai du. Ez gara marjinalak, ez dugu marjinal izateko bokaziorik; giza talde anitza gara, gizarte eta politika sentsibilitate guztiak biltzen dira gure honetara eta, gizartean euskarri garrantzitsu bat edukitzeaz gainera, giza eskubideen Legearen eta jardunaren lejitimazio kontestaezinak babesten gaitu.

Irun, 2000ko maiatzaren 25ean

 

 
Volver a
Página Principal