| Alardeetan emakumeek parte hartzearen aldeko kanpaina
Jai guztietara eramango dute beren mezua talde feministek
GARA 00-06-28 Aitzol URIARTE | BILBO Irun eta Hondarribiko alardeetan edo beste edozein herritako jaietan emakumeek parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen atzo Bilbon erakunde asko, alderdiak eta sindikatuak biltzen dituen euskal mugimendu feministak. Udako jaiak bertan direla aprobetxatuz, eta etzi, ekainak 30, Irungo alardea egingo dela kontuan hartuz, kanpaina bat jarriko du martxan mugimendu feministak, aipatu aldarrikapena zabaltzeko. Parte-hartzea eskubidea dela adierazi eta gero, eskubide hori bete arte emakume eta gizon guztien elkarlanaren beharra gogorarazi zuten. Konponbidea negoziazioa eta elkarrizketan dagoela ere adierazi zuten, «baina ez dugu esango zein modutan, hori bi herri horietan konpondu beharreko gaia baita», azaldu zuten. Aldiz, parte hartzeko eskubidea bi herrietatik harantzago doala azaldu zuten, «ezin delako onetsi XXI. mendean berezko eskubideak kolokan egotea». Ildo honetan, alderdi politikoen inplikazioa eskatu zuten, orain arte izan duten «arduragabekeria» salatuz. EAEko Justizia Entzutegi Gorenak emakumeek parte hartzeko duten eskubidea adierazi duen arren, Ararteko, Gasteizko Parlamentu eta Emakunde erakundeaz gain, alardea normaltasunez egiteko dituzten arazoak ere salatu zituzten prentsaurrekoan. Egun Irunen 1.000 pertsona inguruk hartzen du parte alarde mistoan, eta bi herriotan alarde «pribatu» edo «tradizional» bana ospatzen da, emakumeen parte hartzerik gabe. Atzo aurkezturiko kanpaina honen bitartez jai guztietara iritsi nahi dute. Horretarako kartelak, triptikoak eta bando erako kartelak kaleratuko dituzte. «Emakumeok Alardeetan, emakumeok edonon» lemapean, Irun eta Hondarribiko Alardeetan emakumeek parte hartzeko eskubidea aldarrikatuko dute kartelek. Eskakizun bera dute bando erako paskinek, nahiz eta leku zehatzagoetan jarriko dituzten, «txosna, taberna eta jai guneetan jartzeko asmoa dugu bando hauek», azaldu zuen Mari Luz Esteban mugimendu feministako kideak. Atxikimenduak ere bilduko dituzte. Dagoeneko hainbat jai batzordetakoa lortua dute. |