|
|
||||||||||||
|
Emakumeen diskriminazioak gizakiaren oinarrizko eskubideen aurka jotzen du. |
||||||||||||
|
Abendua 1999 |
|
Irun eta Hondarribiko alardeak gizasemeek osatzen dituzte, beren borondatez eta inolako beharkizunik gabe, baldintza bakarra beteaz: gizasemea izatea. Horrela, herriko auzo bakoitzak bere konpainia edo unitate berezia sortzen du, eta horietako bakoitzak emakume bakarra aukeratzen du kantinera. 1996an emakume talde batek Irungo alardean parte izateko erabakia plazaratu zuen. Irailean, Hondarribian berdin egin zuen bertako emakume talde batek. AURKAKOAK Erabaki horren aurrean eta, batez ere, alardean parte hartu izanaren aurkako erasoak sekula ezagutu gabeko bortizkeriaz egin ziren: muturrekoak, mehatxuak, autoetako gurpilak zulaturik, emakumeen aldekoen negozioak boikotaturik, presio politikoak emakumeen aldeko zinegotziak aulkia gal zezaten, eta abar. 1997ko ekainean Euskadiko Auzitegi Gorenak emakumeak onartzera behartu zituen alardeko antolatzaileak, gutxienez horretarako konpainia bat sartuaz. Irungo alardea osatzen duten 8000 gizasemeek auzitegiaren epaiari jaramonik egin gabe, beste bide batetik egin zuten alardea manifestazio eskubidearen babespean... Hondarribian, aurkako jendetza batek emakumeen Jaizkibel konpainiari eragotzi egin zion alardean sartzeko bidea. 1998ko urtarrilean Euskadiko Auzitegi Gorenaren bi epaietan emakumeei alardeetan parte izateko eskubidea aitortzen zaie, gizasemeen baldintza eta egoera berean. Irungo Udalak epaia onartu eta urte hartan emakumeei alardean leku ematea erabaki zuen. Alabaina, alardeko juntak ez zuen emakumeekin batera desfilatzerik onartzen, eta berriro ere manifestazio eskubidearen babespean emakumerik gabeko alardea anto-latu zuten. ORAINGO EGOERA Gaur egun Irunen alarde mistoa dago, iaz 1000 bat lagun bildu zituena, eta Irunen nahiz Hondarribian alarde ustez pribatu bana dago, bertan emakumeak sartzea debekaturik dagoena. Legearen bide eta tresna guztiak erabiltzen ari gara emakumeei alardean parte izateko eskubidea ukatu nahi dietenei bidea mozteko, baina ez dugu erabat lortu bi udalek eta Barne Sailak lege itxurako aitzakiak ematen baitizkiete des-fileoi etengabe. - Alardeen inguruan sortutako gatazkak erabat gaiztotu ditu herritarren arteko bizikidetasuna eta elkarrizketa bide guztiak; gaur gaurkoz, ia ezinezkoa da bi herrion barnean irtenbiderik aurkitzea. Beraz, herri aginteak (Eusko Jaurlaritza, legebiltzarra eta udalak) eta alderdi politikoak arazoa konpontzeko buru-belarri lanean hastea da elkarrizketa eta irtenbidea sortzeko modu bakarra. Denborak arazoa usteldu besterik ez du egingo. - Azken lau urteotan, batez ere Irunen, mugimendu sozial berri eta dinamikoa sortu da, jatorri edo ikuspegi politiko nahiz sozial oso ezberdineko jendeak osaturik. Gazteak dira batez ere, emakumeak gehienak, festa barru-barrutik bizi izan dutenak, kemen eta tinkotasun apartaz. Berdintasunaren eta emakumeon aurrerabidearen aurkakoek ez dute indar hori berdintzerik lortuko.
|
||||||||||
|
|
|
|
||||||||||