Volver a Página Principal
 

Alardeak diskriminatzen jarraitzen du

 
   

BERRIA. Asteartea , 2003ko irailak 9.

Joan den ekainean Irunen bezala, atzo, Hondarribian, jai egun nagusian, alardean, emakumea diskriminatzen segitzen dutela ikusi zen. Jaizkibel konpainia mistoko ordezkariek atzoko alardeko alde ona nabarmendu zuten, hau da, lehenbiziko aldiz Hondarribiko kaleetan desfilatzea lortu zutela. Urrats garrantzitsutzat jo zuten hori egin izana, eta bada notizia liskarrik ez zela izan. Baina, oraindik, gauza asko dago egiteko, halako batean inolako diskriminaziorik gabe hondarribiar eta irundar guzti-guztiek denena den jaian, elkarrekin, parte hartu ahal izateko.


Ixabel Alkain: «Bukaeraren hasiera izan da aurtengoa»

Jaizkibel konpainiako kapitainak «mugarritzat» jo zuen atzoko alardea

A. AZPILIKUETA / J. GOIKOETXEA - HONDARRIBIA

Jaizkibel konpainiaren alarde mistoa bukatutakoan, pozez zoratzen zegoen Ixabel Alkain kapitaina, irria ezin ezkutaturik. Izan ere, azken urteetan ez bezala, alardea eta gero, ez zuen etxera arropaz aldatzera, eskutatzera, joan behar izan. Kalean zegoen, hedabideei adierazpenak egiten.

«Bukaeraren hasiera izan da», adierazi zuen. «Aurten, lehenengo aldiz, gure kaleetatik pasatu gara. Oso berezia izan da, zoragarria. Eta hurrengo irailaren 8an hemen izango gara berriz».

Alkainen aburuz, emakumeek eta gizonek alardean «modu normalean» desfilatzen ikusi arte «denbora luzea» pasatuko da oraindik. Ildo horretan, atzokoak «aurrera segitzeko indarra» eman zien. «Aurten, lehenbizikoz, jaiak ospatzeko aukera dugu», gaineratu zuen.

Aurtengoa, gauza askorengatik, «inflexio puntua» izan da, Alkainen ustez. San Pedro karrikatik entseatu eta desfilatu ahal izan dute, «nahiz eta bizkartzainekin egin behar izan». Baina aurten, gainera, Alkainek nabarmendu zuenez, «Hondarribiko alkateak alarde mistoa errespetatzeko eskatu zuen».

«Politikoen ordua da»

«Guk gogoarekin, balentriarekin, arrazoiarekin, eutsi diogu», segitu zuen. «Orain da politikoen ordua, orain da Udalaren ordua, orain da legeak betetzeko ordua. Izan ere, guztiona dena pribatizatuz, jaia lapurtu digute, kultur ondare bat lapurtu digute».

Alkain kapitainaren iritziz, Hondarribiko herritar gehienek «normaltasuna» nahi dute, «jaiak ondo pasatu». «Argi dago guztiak ez daudela gurekin ados, baina politikoek lagun dezakete guztion parte-hartzea ziurtatuz. Erakundeek gauzak bere tokian jartzen badituzte, jendeak erantzuten du. 2000. urtean Ertzaintzak jarri zituen isunek muga markatu zuten; inpunitate osoz ibiltzen baitziren ordu arte. Legerik gabeko herria zen Hondarribia. Hori asko aldatzen ari da, gaur [atzo] ikusi dugunez».

Alkainek atzokoa iragan ostiraleko entsegua baino «hobea» izan zela adierazi zuen bukatzeko, «jende gehiago baitzegoen espaloietan txalotzen». «Honek guztiak esan nahi du normaltasunaren bidean oso pauso handiak ematen ari garela, eta aldaketak oso denbora gutxian sumatuko ditugula. Gaurkoa historikoa izan da».

Urretabizkaia: «San Pedro kalea ezin genuen zapaldu»

Arantxa Urretabizkaia idazleak Jaizkibel konpainian parte hartu zuen, danborra jotzen. Beren desfilea amaitu ostean, pozik zegoen. San Pedro kaletik pasatu izana zen bere poz iturri nagusia, «orain artean San Pedro kalea ezin genuen zapaldu ere egin».

Emakumeek alardean parte hartzeko eskaerak herrian sortutako giro txarra baretzen ari dela uste du Urretabizkaiak, baina ez guztientzat: «Oraindik badaude taldekide batzuk eguneroko bizitzan hori nabaritu ez dutenak, bereziki seinalatuta daudelako-edo».

 

 


Volver a Página Principal