|
|
|
|
|
|
IRUNGO UDALA - AYUNTAMIENTO DE IRUN |
|
|
|
|
|
|
|
SAN MARTZIALEKO ALARDEAREN ORDENANTZA IRUN 1980ko maiatza ______________
XEDAPEN OROKORRAK 1. Artikulua.- San Martzialeko Alardea Foru Milizietako Jendearen Arma Erakustaldi eta Begiztapenaren oroitzapena da. 1804tik aurrera, Alarde honek eta Irungo apaiz eta herrigizonek zin egindakoak bat egin eta urtero ekainaren 30ean ospatzeko erabakia hartu zuten. 2. Artikulua.-San Martzialeko Alardeak daukan izaera herrikoi, promesazko eta tradizionalak, hor parte hartzea ohore bat, borondatezko zerbitzu bat eskaintzea da irundar ororentzat. Gure arbasoek zin egindakoa betetzea du helburu, beraz, ospatzen den oroigarrizko ekintza horrekin zerikusirik duen buruzagitza edukitzea, jokabide eredugarria edo beste gorabehera pertsonal berezirik ezingo da lortutako meritutzat aipatu. Premisa horri jarraiki, ez Udal Txit Gorenak, ez Alardeko Juntak eta ez Buruzagi Taldeak ez dute omenaldirik antolatuko ez eta inolako saririk emango ere arrazoi beretsuengatik. ALARDEAREN ERAKETA 3. Artikulua.- Alardean parte hartzeko gutxienez 18 urte eduki beharko da. 4. Artikulua.- Alardea ondokoek osatzen dute: Infanteria Konpainiak, atzetik Artileria Bateria bat eta guztien aurretik Artxeroen Eskuadra, Txilibito eta Danborren Banda (Tanborrada), Musika Banda eta Zaldizkoen Eskolta. Alardearen burua Jeneral bat izango da eta lau laguntzaile izango ditu lau armei dagozkienak (Infanteria, Artileria, Zaldizkoak eta Buruzagitza Nagusia) eta Infanteriako Komandante bat ere bai, laguntzen. Apaizak eta herrigizonak Alardearen buruan joango dira eta ordenantzazko ohoreak eskainiko dizkiete Alardeko indarrek. 5. Artikulua.- Alardearen formazioak ondorengo ordena jarraituko du: Artxeroak, Txilibito eta Danborren Banda, Musika Banda, Jenerala eta Laguntzaileak, Zaldizkoen Eskolta, Komandantea, Infanteria Konpainiak orden honetan: Behobia, Katea, Meaka, Bidasoa, San Migel, Olaberria, Santa Elena, Anaka, Buenos Amigos, Uranzu, Santiago, Lapitze, Real Union, Azken Portu, Belaskoenea eta, jarraian, Artileriaren Bateria. BURUZAGIAK 6. Artikulua.- Buruzagi kargu guztiak indarrean egongo dira hurrengo izendapena egiten den arte. JENERALA 7. Artikulua.- Jeneral kargua lehen Alkateordeari edo honek delegatzen duenari dagokio. Izendapen hori Udalak Osoko Bilkuran berretsiko du, maiatzaren lehenengo hamar egunen buruan. Jenerala izateko ezinbesteko baldintza, Irunen jaio eta bertan bizitzea izango da edo, kasu berezietan, Irunen jaioa ez izanarren, 25 urtez etengabe bertan bizi izatea; buruzagitzarako dohaiak edukitzea eta alardean aktiboki gutxienez 10 urtez parte hartu izana. 8. Artikulua.- Alardeari dagokionez Jenerala da buruzagi gorena.Kargua onartu ondoren Jeneralak beharrezko irizten dituen neurriak ezarriko ditu eta Alardeko indarrak bere egunean behar bezala ikasita eta disziplinatuta aurkez daitezen agindu egokiak emango ditu. KOMANDANTEA 9. Artikulua.- Komandantea Infanteriako berezko buruzagia da eta Jeneralak izendatuko du, eta Udal Gobernu Batzordeak berretsiko du. 10. Artikulua.- Jeneralaren kolaboratzailerik zuzenena izango da eta Jeneralaren kargurako esijitutako ezaugarri beretsuak bete beharko ditu, beharrezko denean Jenerala ordezkatuko baitu. Komandantearen zeregina, alardeko indarrak ezarritako orduan bil daitezela zaintzea izango da, behar hainbat denbora lehenago begiztatu eta horien egoera eta itxura erregelamenduak dioenari lotuta daudela ziurtatuz eta Ordenantza betetzen zorrotza izanik. KAPITAINAK ETA UNITATE-BURUAK 11. Artikulua.- Kapitainak eta Unitate-Buruak Jeneralak izendatuko ditu konpainia eta unitateei kontsultatu ondoren eta Udal Gobernu Batzordeak berretsi beharko ditu. Izendapen horietarako, Jeneralak eta Komandanteak bete behar dituzten baldintzak berak hartuko dira kontutan eta. JENERALAREN LAGUNTZAILEAK ETA ZALDIZKO ESKOLTA 12. Artikulua.- Jeneralaren ahalmena izango da bere laguntzaileak izendatzea, bere baldintza berberak bete beharko dituztelarik. Laguntzaile horien artean, Infanteriakoak Komandante kargua beteko du, edozein gorabehera dela medio, kargu horretarako izendatutakoak parte hartu ezingo balu. 13. Artikulua.- Jeneralaren ahalmena izango da Zaldizko Eskolta izendatzea, Barne Erregimeneko Araudiak agintzen duena kontutan hartuz. Ondorengoek osatuko dute: Kapitain bat, Teniente bat, Alferez bat, Kantinera bat, Sarjentu bat, Kabo bat eta hamabi soldadu gutxienez. Zaldizko Eskoltaren barne antolakuntza, bere Barne Errejimeneko Araudiak horretarako ezartzen duenaren arabera eratuko da, aurrez Udalak onarturik Alardeko Juntak proposatu ondoren. INFANTERIAKO KONPAINIAK 14. Artikulua.- Infanteriako Konpainiak ondorengoek osatuko dituzte: Kapitain bat, Teniente bat, Alferez bat, bi Sarjentu, hiru Kabo, Kantinera bat eta, gutxienez, ehun soldadu armatu. Txilibitoen kopurua gehienez 25ekoa izango da, erredoblea jotzen dutenena 10 eta danborrak 15; Jeneralak horiek guztientzako partaidetza kredentzialak emango ditu. Kaboetako batek, eramango duen armaren puntan, bere konpainiari dagokion banderina eramango du. Konpainia bakoitzeko Ofizial, Sarjentu eta Kaboak beren Kapitainak izendatuko ditu eta Jeneralak berretsiko du izendapen hori. Bidasoa Konpainiak, salbuespen bezala, hiriko ikurra eramango duen beste Teniente bat izango du eta Udal Batzarraren banderaduna izango da delegazioz. 15. Artikulua.- Aurrerantzean Konpainia eratu nahiko luketen Hiriko zonaldeek Udalaren onespenera ezarriko du eskaria eta, honek, Alardeko Juntak egindako txostena ikusirik, dagokion erabakia hartuko du. 16. Artikulua.- Konpainiak beren lerdentasun eta antolamenduagatik nabarmendu behar dira, ospatzen den gertakari historikoari begira desegokitzat jotzen diren jarrera edo agerraldirik bere soldaduen artean gerta ez dadin zainduz. 17. Artikulua.- Konpainiek behar bezala botako dituzte deskargak eta Alardean zehar tiro solteak erabat debekatzen dira, eta Kapitainen eta gainontzeko buruzagien zeregin nagusia, artikulu honetan eta aurrekoan ezartzen dena betearaztea ezezik, orokorki, beharrezko den disziplina gordetzea da. 18. Artikulua.- Infanteria konpainien antolaketa, beren Barne Erregimen Araudian ezarritakoaren arabera egingo da, aurrez Udalak onartua izango dena Alardeko Juntak proposaturik. ARTXEROEN ESKUADRA 19. Artikulua.- Artxeroen Eskuadra Kabo batek eta 40 numerok osatuko dute. Antolakuntza, bere Barne Erregimen Araudiaren arabera zehaztuko da, aurrez Udalak onarturik. TANBORRADA 20. Artikulua.- Tanborrada ondorengoek osatuko dute: Danbor Nagusia, bi laguntzaile, Kantinera bat bere laguntzailearekin, txilibitoak, erredobleak eta danborrak. Barne antolakuntza bertako Barne Erregimen Araudiak ezartzen duenaren arabera egingo da, Udalak aurrez onarturik. MUSIKA BANDA 21. Artikulua.- Alardeko Musika Banda Zuzendari batek, Zuzendariorde batek, kantinera eta bere laguntzaileak eta musikariek osatuko dute. ARTILERIAKO BATERIA 22. Artikulua.- Artileriako Bateria ondorengoez osatuko da: Kapitaina, Tenientea, Alfereza, Kantinera eta bere laguntzaile Sarjentua, artileria-pieza bakoitzeko Sarjentu bat eta Kabo bat, Turutari bat eta dagozkion artileroak. Artileria Bateriaren Barne antolakuntza bertako Barne Erregimen Araudiak dioenaren arabera egingo da, Udalak aurrez onarturik. KANTINERAK 23. Artikulua.- Kantineren aukeraketa, zeina ederra, polita eta atsegina izango den, konpainia eta unitate bakoitzeko Kapitainen, Musika Bandaren Zuzendari eta Danbor Nagusiaren esku egongo da. Zaldizkoen Eskoltako Kantinera izendatzea Jeneralaren ahalmena izango da eta, gainera, Ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak Kantinerek betetzen ez badituzte aldatua edo berriz aukera dadila ere esijitu ahal izango du. 24. Artikulua.- Kantinera izateko ezinbesteko baldintza ezkongaia izatea eta Alardeari begiramena eta atxekipen handia edukitzea, irundarra izatea edo herrian 15 urte baino gehiagoz bizitzea izango da. Kantinerek gutxienez 20 urte beteta eduki behar dute izendatuak diren urte berean. Berrikuntza etengabea izan dadin, aukeratuek Alardean behin bakarrik parte hartu ahal izango dute. BANDERINAK ETA MUNIZIOAK ENTREGATZEA 25. Artikulua.- San Pedro egunean, goizez, Korporazioak, Komandanteak eta Laguntzaileek banderinak eta munizioak emango dizkie konpainietako Kapitainei. ARMEN BEGIZTATZEA 26. Artikulua.- San Pedro egunean, arratsaldez, Jeneralak, Komandanteak eta Zaldizkoen Eskoltak, Infanteriako Konpainiak eta Artileriako Bateria begiztatuko dituzte. ALARDEA 27. Artikulua.- Alardeko konpainiak Urdanibia Plazan bilduko dira Komandantearen agindupean. Infanteriako Kapitainei dei egin ondoren, 8,25etan San Juan Harria Plazara abiatuko dira eta hor Jeneralaren ardurapean geratuko dira. 28. Artikulua.- Jeneralak konpainiak begiztatzen dituenean, eta Infanteriako Kapitainei dei egin ondoren, Jeneralak hiriko ikurra ohore guztiekin beregana dadila aginduko du, Bidasoa konpainiak eramango duelarik berezko duen eskubidea erabiliz. Ikurra bereganatu ondoren, Infanteriak deskarga egingo du. Jarraian, Alardea hasiko da herriko apaizak bertara bilduz eta Eliza eta Eskoleta karriketatik zaindari den Junkaleko Andra Maria Parroki Elizarantz abiatuko da eta hor tradiziozko salbak botako dira herriko apaizen aurrean. Alardea San Juan Harria Plazatik irteten denean kanpaien errepika-hotsa entzungo da. 29. Artikulua.- Herriko apaizek alardearekin bat egin ondoren, Herri-Gizon eta Apaizen prozesioa San Martzial mendi historikorantz abiatuko da eta ondorengo ibilbidea jarraituko du: Eskoleta karrika, Fermin Calbeton kalea, Jenaro Etxeandia plaza, Foruen karrika eta Karrika Nagusia, San Juan Harria plaza, San Martzial, Tetuan eta Larretxipi karrikak, Urdanibia plaza eta Santa Elena karrika. 30. Artikulua.- Alardeko Konpainiek Santa Elena karrikan lerroak hautsiko dituzte San Martzial mendian berriz lerrokatzeko, non meza emango den. Meza garaian aldarearen zainketa Artxeroen Eskuadraren ardura izango da. Infanteriako Konpainia batek, Bidasoako kapitainaren agindutara, tradiziozko salbak botako ditu. 31. Artikulua.- Alardea berriz hasi baino ordubete lehenago, Ordenantzazko deiaren ondotik, jaitsierari ekingo zaio. 32. Artikulua.- Arratsaldeko 6etan, Santa Elena karrikan konpainiak antolatu eta Jeneralak Infanteriako Kapitainei dei egin ondoren, Alardeari hasiera emango zaio eta ondorengo ibilbidea jarraituko du: Urdanibia plaza, Kontrakalea, Zeharkarrika, Larretxipi, Tetuan, San Martzial, Nagusia, Foruen karrikak, Jenaro Etxeandia plaza, Fermin Calbeton kalea, Eskoleta karrika eta Junkaleko Andra Mariaren Elizako plazatxoa, non, tradiziozko salbak bota ondoren, apaizen ordezkaritza bere parrokira itzuliko den. Jarraian, Alardeak, Eskoleta karrika, Fermin Calbeton kalea, Jenaro Etxeandia plaza eta Colon Ibilbidetik jarraituko du eta hemen salbak bota ondoren Colon ibilbidea, Jenaro Etxeandia, Foruen karrika eta Nagusitik San Juan Harria plazaraino itzuliko da, non ordenantzazko ohore guztiekin Hiriko Ikurra eta Konpainietako banderinak Koporazioari emango zaizkion. Salbak amaitu ondoren, desfilea hasiko da eta konpainia eta unitate guztiak bakoitza bere hasierako tokira itzuliko da. 33. Artikulua.- Ondorengo uniformeak eramatea behar-beharrezkoa izango da: Jeneralak: Frac eta galtza beltzak, faja gorria urrezko borlekin, Agintari makila, eskularru zuriak, bota beltzak eta adarbiko kapela eta espolinak. Komandanteak: Txapel gorria, jaka beltza, zaldiz ibiltzeko galtza, alkandora eta eskularru zuriak, zaldiz ibiltzeko bota beltzak ezproinekin, faja eta gorbata gorriak, jakaren goiko poltsikoan kolore bereko zapia daramala goizez, eta arratsaldez lepoan lotuta (gorbata kendu gabe). Laguntzaileek: a) Infanteriakoak: gerrera eta galtza gorriak, hori kolore biziekin, txapel gorria, eskularru zuriak, zaldiz ibiltzeko bota beltzak, lokarria eta gerrikoa urre-kolorekoak, ezproinak eta sablea. b) Artileriakoak: gerrera urdina kolore gorri biziekin, galtza zuriak zirrinda gorriarekin, txapel gorria, eskularru zuriak, zaldiz ibiltzeko bota beltzak, gerriko gorria, urre-koloreko lokarria, ezproinak eta sablea. c) Buruzagi Nagusienak: gerrera eta galtza urdinak kolore berde biziekin, faja berdea urre-koloreko borlekin, txapel gorria, eskularru zuriak, zaldiz ibiltzeko bota beltzak, ezproinak eta sablea. d) Zalduneriakoak: gerrera zuria kolore urdin biziekin, galtza urdinak zirrinda zuriarekin, txapel gorria, eskularru zuriak, zaldiz ibiltzeko bota beltzak, gerriko zuria, ezproinak eta sable okerra. Kantinerek: Txapel gorria, belusezko gorputza beltza eta urre-koloreko botoiak eta galoia, bonbatxoak eta gona motza plisatua (bi jantziak franela zurizkoak) eta gonak zirrinda zabala gorputzaren kolore berekoa, belusa beltzezko mantal txiki bordatua, bandolera zuria upeltxo batekin, eskularru zuriak, lonazko bota altu zuriak eta abanikoa. Salbuespen gisa, Zaldizko eta Artileriako Kantinerek gerruntze urdina jantziko dute, lehenak zeru kolorekoa eta bigarrenak pastel kolorekoa; gona zuria gorputzaren kolore bereko zirrinda zabal batekin, zaldiz ibiltzeko bota beltzak eta usta. Uniformearen gainontzeko elementuak amankomunak dira, bandolera izan ezik, Zaldizkoan kolore gorrikoa baita. Artxeroek: Txapel gorria, alkandora zuria, jaka beltza besamuturrean ezaugarri bat duela, galtza zuria eta poloin beltzak, espartin zuriak zinta beltzarekin, larruzko mantala eta, besoan, lehen mailako soldaduaren galoiak (pikotxa eta pala gurutzatuta). Kaboak zerra bat eramango du, eskuadrako bakarra eta, gainontzekoek, Zapadore Taldearen berezko erremintak. Arratsaldez biltzerakoan, Kaboak zapi gorria eramango du lepoan lotuta eta eskuadrak zapi zuria. Infanteriak: Txapel gorria, alkandora zuria, jaka beltza, galtza zuriak, galtzerdi zuriak, espartinak kolore berekoak zinta beltzez, faja eta gorbata gorriak eta kolore bereko zapia jakaren goiko poltsikoan daramala goizez, eta arratsaldez lepoan lotuta (gorbata kendu gabe). Kapitain, Teniente eta Alferezek eskularru zuriak eramango dituzte eta besamuturrean ezaugarriak. Sarjentu eta kaboek ezaugarria besamuturrean. Aginduak emateko Turutariak infanteriako soldaduen uniforme bera eramango du eta eskupeta zintzilik. Artileriak: Txapel gorria, oihal urdin pastelezko gerrera, urre-koloreko botoiak dituela eta, lepoan bi botoi, zein armari dagokion adierazten dutenak; galtza zuriak zirrinda urdinekin, poloin beltzak, gerriko zuria eta aihotza. Ofizialek eskularru zuriak, ezaugarria besamuturrean eta sablea eramango dute. Musikoak, txilibito eta danborrak: Txapel gorria, alkandora zuria, jaka beltza, galtza eta galtzerdi zuriak, kolore bereko espartinak zinta beltzarekin, faja eta gorbata gorriak eta kolore bereko zapia jakaren goiko poltsikoan goizez, eta arratsaldez lepoan lotuta (gorbata kendu gabe). Danbor Nagusiak makil orlatua eramango du txilibito eta danborren banda zuzentzeko. Danbor Nagusiak eta bandako Zuzendariak ezaugarria eramango dute besamuturrean. EZAUGARRIAK 34. Artikulua.- KOMANDANTEARENA: Besamuturreko ezaugarria "panecillo" erako bi galoiek osatuko dute (bata urrezkoa eta bestea zilarrezkoa), gutxi gora behera 18 eta 14 mm.takoak. LAGUNTZAILEENA: "Panecillo" erako urrezko 15 mm-tako galoi bat eta bestea zilarrezkoa, 10 mm-takoa. INFANTERIA KAPITAINENA: Besamuturreko ezaugarria urrezko hiru galoi "soutache" izango da. TENIENTEENA: Urrezko bi galoi "soutache" izango da. ALFEREZENA: Urrezko "soutache" galoia izango da. SARJENTUENA: "soutache" gorrizko bi galoi izango da. KABOENA: "soutache" gorrizko galoi bat izango da. ARTILERIA ETA ZALDUNERIA Ezaugarriak, 1819an arma hauek eramaten zituztenak izango dira. ARTXEROAK: KABOENA: Infanteriako kaboen ezaugarri bera eramango du. MUSIKA BANDA ETA TANBORRADA Bandako Zuzendariak eta Danbor Nagusiak ezaugarri gisa urre-koloreko hiru botoi eramango dituzte besamuturrean. ARMEN MUGIMENDUAK 35. Artikulua.- Soldaduek martxari hasiera emango diote armak soinean dituztela; San Juan Harria Plazara heltzean "eseki" agindua emango da eta posizio horretan sartuko dira plazan. Jenerala sartzen denean Komandanteak "Zutik" aginduko du. Gainontzeko arma-mugimenduak Jeneralaren aginduekin egingo dira. ALARDEAREN MUSIKA 36. Artikulua.- San Martzial egunean, goizeko seiak puntuan, Musika Bandak Villarrobledoren Diana joko du Udaletxe aurrean. Hori amaitu ondoren, Tanborradak toki berean bere tradiziozko Diana joko du, eta jarraian biak Jeneralaren eta Alkatearen etxerantz eta ohiko tokietara abiatuko dira, eta Diana horiek errepikatuko dituzte. Alardeak irauten duen bitartean Tanborradak jotzen dituen martxa berak joko dituzte konpainiek ere beren ibilbideetan. Tanborradak eta Musika Bandak batera jotzen duten tokietan San Martzialeko himnoa bakarrik entzungo da. Alardeko indarren ibilbidea Urdanibia plazan hasiko da, Tanborradak joko duen "Arrankada" izeneko martxaren doinuan. Doinu hori jotzen jarraituko dute konpainia guztiak San Juan Harria plazan sartzen diren arte. Hiriko ikurra, Tanborradak eta Musika Bandak "Tteiro" eta San Martzialeko Himnoa jotzen duten bitartean bereganatuko dute. Junkaleko Andra Mariaren Parroki Elizarantz martxari ekitean, Bandek "Jolo" joko dute herri gizonen taldea parroki horretara iristen den arte. Elizatik Fermin Calbeton kalerarte, Tanborradak "Elizako igoera" musika pieza joko du eta, hemendik aurrera, Musika Bandarekin batera "Jolo" joko dute Urdanibia plazan amaitu arte. Arratsaldez Santa Elena karrikan Alardea berriz hasten denean, Tanborradak "Arrankada" joko du eta Zeharkarrikara heltzen denean etengo da. Toki honetan Tanborrada eta Musika Banda "Rataplan" musikarekin hasiko dira herri gizon eta apaizak Junkaleko Andra Mariaren Parroki Elizarantz heltzen diren arte. Jarraian, Elizako plazatxotik Fermin Calbeton kalerarte, Tanborradak "Elizako igoera" joko du eta berriz ere hemendik aurrera eta Zabaltza plazan Alardeko konpainia guztiak biltzen diren arte, ibilbide osoan Musika Bandak eta Tanborradak "Rataplan" doinua joko dute. Zabaltza plazan Alardea bildu eta ordenantzazko salbak bota ondoren "Descarga" martxa entzungo da, Tanborradak eta Musika Bandak jota. Zabaltza plazatik, eta herri-gizonak Udaltxera heltzen diren arte, ibilbidea "Rataplan" doinuarekin egingo da. Alardea San Juan Harria plazan biltzen denean, eta ordenantzazko salbak bota ondoren, "Descarga" martxa entzungo da. Hiriko Ikurra eta konpainietako banderinak Udaletxera itzultzen direnean, Tanborradak "Tteiro" joko du eta Musika Bandak San Martzialeko Himnoa. Jeneralak desfilatzeko agindua ematen duenean bi Bandek "Fagina" joko dute. Hori egin ondoren Tanborradak, Musika Bandak eta Txilibitu eta Danborren Bandak beren jatorrizko punturainoko bidea egingo dute San Martzialeko himnoaren doinuan. DISZIPLINA ERREGIMENA 37. Artikulua.- Hutsegite larri edo arinak garrantziaren eta horiek egin direnean izan diren gorabeheren arabera epaituko dira. Hutsegite larriak izango dira: a) Behar bezala ez desfilatzea. b) Agintari eta soldaduek Jeneralaren aginduak, soldaduek Kapitainaren aginduak eta unitate desberdinetako menpekoek beren buruzagiei publikoki desobeditzea. c) Konpainiak edo unitateak berandu aurkeztea, alegia, martxari hasiera emateko gainontzekoak antolatuta daudela, bai goizez Urdanibia plazan eta bai arratsaldez, Ermitatik itzuli eta Santa Elena karrikan hasiera ematen zaionean. d) Zehaztu gabeko beste edozein, horrek Alardearen desprestigioa dakarrenean. Hutsegite arinak izango dira: a) Dagoeneko aipatutako berak baina ondorio publikorik gabekoak eta, Jeneral, Kapitain eta Unitate-Buruen ustez halakotzat hartzea merezi duen edozein. 38. Artikulua.- Hutsegite larriak honela zigortuko dira: a) Agintarien kasuan, behin betirako agintari kargua galduko dute. b) Soldaduen kasuan, Alardeko filetatik botako dira eta bertan parte hartzeko debekua izango dute bai betirako bai epe jakin baterako. c) Hutsegitea konpainia osoarena bada, Alardeko kokapen ordenean postuak galduz zigortuko da, Kapitainari eta soldadu partikularrei ezartzen zaienaz aparte. d) Aurreko artikuluko c) atalean jasotzen den hutsegitea egun horretarako bere tokia galduz zigortuko da eta desfilean azkena izatera pasako da. Hala ere, hurrengo urtean bere tokia berreskuratuko du. 39. Artikulua.- Egiten dituzten hutsegite larriengatik konpainia eta nobarnakoei ezarriko zaiezkien zigorrak Alardeko Juntak erabakiko ditu Jeneralaren proposamenez. Alardeko Junta horrek berrikusteko ahalmena gordetzen du eta horretarako ezinbestekoa izango da interesatuek erabakiaren aurka idatzizko errekurtsoa aurkeztea. Hutsegite arinak Jeneralak zigortuko ditu bere irizpidearen arabera. BERRIKUSKETA ETA INTERPRETAZIOA 40. Artikulua.- Ordenantza hau betez hartzen diren erabaki guztiak aztertzeko ahalmena izango du Alardeko Juntak, baita bere interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen zalantzak konpontzeko ere, hori guztia San Martzialeko tradiziozko gure Alardearen benetako izaera kontserbatzeko helburuarekin. XEDAPEN GEHIGARRIA 1981eko martxoaren 31 baino lehen, Alardeko Konpainia eta Unitateek beren Barne Erregimeneko Arautegia erredaktatuko dute. Arautegi horiek Alardeko Juntak onartuko ditu. Infanteriako Konpainiek Arautegi bakarra erredaktatuko dute. Parte hartze mugatuko unitateetan, txandaka funtzionatuko da. Irun, 1980ko maiatza. |
|