Volver a Página Principal
 

 

 
   

"Pertsona orok du bizitzeko, libre izateko eta segurtasunerako eskubidea."
(Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 3. artikulua)
"Toda persona tiene derecho a la vida, a la libertad y a su seguridad personal."
(Artículo 3 de la Declaración Universal de Derechos Humanos)
ETArik EZ ETA NO

 

Erreferentzia: 971/2004/21

HONDARRIBIKO UDALA
BORJA JAUREGI JAUNA
ALKATEA
Nagusia, 20
20280 HONDARRIBIA

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abuztuaren 12a


Alkate jauna:

Joana Mugarrietakoa eta Jaizkibel Konpainiak bidalitako kexa-idazki bat jaso dugu erakunde honetan. Gure esku-hartzea eskatu dute, datorren irailaren 8an Hondarribiko Alardean parte hartzeko dituzten eskubideak babes ditzagun. Horrez gain, aipaturiko elkarteek idazki bat aurkeztu diote udal horri, diskriminaziorik gabeko Alarde publikoa ospa dadin eskatzeko, eta idazki horren kopia bat eskuratu digute.

1996. urteaz geroztik, erakunde honek hainbat aldiz adierazi du Hondarribiko emakumeek herriko festa nagusian parte hartzeko eskubidea dutela, herrikide dituzten gizonezkoen baldintza beretan. Halaber, horren ondorioz, behin eta berriz aditzera eman dugu udal horrek berdintasunezko eta pertsona guztien oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen Alardea sustatu beharra daukala.

Horrela, orain urtebete, erakunde honek 22/2003 Gomendioa egin zizun, abuztuaren 13koa; gomendio haren bidez, herritar guztiek parte hartzeko udal Alardea susta zezala eskatu genion udal horri, eta bertan berariaz aitor zedila emakumeek beren herrikide diren gizonezkoen baldintza beretan festa horretan parte hartzeko eskubidea dutela. Tamalez, udalak ez zuen gomendioa onartu, eta emakumeak herriko festetako ekintza nagusitik kanpo geratu ziren berriro.

Horregatik guztiagatik, erakunde honi dagokion eginkizuna betez oinarrizko eskubideak babestea , Arartekoak ostera zenbait gogoeta jarri nahi ditu zure iritzipean, Hondarribian piztu dena bezalako gizarte-gatazka baten aurrean herri-aginteek duten zeregina dela-eta.

1. Elkarte kexagileek udal horri igorritako idazkian, "horrela ttikitatik" ezagutu dutena bezalako Alardea antolatzeko eskatzen diote, hau da, udalak berak antolatutako Alardea. Horregatik, beti izan den moduko herri-jai galdatzen dute, tradizioa errespetatzen duen ospakizuna. Bitxia den arren, tradizioaren arabera emakumeek eskopetari gisa ezin dutela parte hartu ulertzen dutenek ere -oinarririk gabe, gure ustez-, tradizioa defendatzen dutela diote. Hala ere, deigarria da nola ospakizunean inolako aldaketarik ez dakarren azaleko aldaketa bati kontra egitearren, Alardearen mami barrukoena aldatzea aukeratu duten beren borondatez, alegia, Alardearen izaera bera: adierazpen publikoa, parte hartzekoa, biztanleria osoarentzat eta, aldi berean, biztanleria osoak egina.

Emakumeek kantinera gisa soilik parte hartu ahal izatea diskriminatzailea dela ezarri zuten epaiak ez betetzeko helburu bakarrarekin, gaur egun Hondarribiko jai nagusia pertsona partikularren talde batek kudeatutako ikuskizuna bihurtu da, eta biztanleriaren zati handi bat uzten da jai horretatik kanpo. Alardea jada ez da herriko jai publikoa; orain ospakizun pribatua da, non gutxi batzuek beraientzat gordetzen duten jaian onartuak izateko eskubidea.

Gure iritziz, pribatizatze horrek bere baitan aintzat hartuta adierazten du udalak argiro alde batera utzi dituela bere betekizunak. Eta iritzi horren kontra ezingo litzateke alegatu udala jaietako ekintzak antolatzera behartzen duen berariazko obligaziorik ez dagoela, izan ere, legeriak horretaz ezer ez aipatzeak gauza bakarra erakusten du: gure gizarteak ez duela jaia herri-aginteek bermatu behar duten "betebehar" edo "prestazio" moduan ulertzen, baizik eta udal-agintariek erraztu eta zuzendu baino egiten ez duten herriaren adierazpen moduan, historia- eta kultura-adierazpen gisa.

Ikuspegi horretatik, udalak Alarde publikoa antolatzeari uko egitean erakusten duen jarrera uzkurra, eta jarrera horrek berekin dakarren ospakizun pribatu bat baino gehiagoren aldeko apustua, baliorik gabe uzten ari da orain arte herriko jai nagusia izan den ospakizuna, eta jaiari berezko izaera kentzen ari zaio. Horrela jokatuz, udal hori urratzen ari da toki araubidearen araudiak kultur ondarea gordetzeko ezartzen dion betebeharra.

2. Alarde publikoa antolatzeari uko egitea ez da administrazio horrek kultur tradizioak iraunarazteko duen betebeharra ez betetzea soilik, baizik eta baita ere tradizio horiek indartzeko aukera galtzea, bada tradizioak oraingo errealitatera eta gizarte-bizitzan nagusitzen diren baloreetara egokituz indartu daitezke. Alabaina, eskubideak bermatzearen ikuspegitik, honako hau da bereziki onartezina: jaia pribatizatuz, udal hori biztanleriaren zati handi bat jaitik kanpo uztea ahalbidetzen ari dela. Egiaz, antolaketa-modu hori erabiliz, pertsona pribatuen talde bati ahalmena ematen zaio atsegin ez dituen pertsona edo gizarte-talde guztiei ospakizuna debekatzeko. Orain, Hondarribian eta Irunen, emakumeak baztertzen dituzte, baina gerta liteke bihar-etzi beste pertsona batzuk beren jatorriagatik, ideologiagatik, eta abarrengatik baztertzea. Ate hori zabaltzea, zalantza barik, demokrazian elkarrekin bizitzeko behar diren oinarrizko baloreei zuzenean eraso egitea da.

Egia da biztanle gehienek nahiago dutela Alardeko konpainiak gizonezkoek bakarrik osa ditzaten, baina ezin da ahaztu gehiengoek ez dutela inongo legitimotasunik gutxiengoei beraien funtsezko eskubideak kentzeko. Benetako demokrazia-sistema batean, gehiengoaren araua baliatuko bada, ezinbestekoa da oinarri honetatik abiatzea: giza eskubideak errespetatzea, eta, zehazki, berdintasunaren printzipioa eta pertsona ororen berezko duintasuna. Eta norberaren ezaugarriengatik diskriminatua ez izateko eskubidea da, hain zuzen, gizakien duintasun horren oinarrizko alderdietako bat. Eskubide horixe urratzen ari da orain Hondarribian emakumeei, emakume izate hutsagatik, herriko festetako ekintza nagusian parte hartzen uzten ez zaienean. Eta udalaren adostasunarekin gertatzen da hori, ez baitu sexuagatiko diskriminazio hori eragozteko ahaleginik egiten.

3. Ildo horretan, ostera adierazi behar dugu udal horrek ezin duela geldi egon urterik urte errepikatzen den emakumeen bazterketa horren aurrean. Izan ere, ez da neutraltasunezko jarrera, benetan gertatzen den diskriminazioaren aurrean ezer ez egiteak berori iraunarazten laguntzen baitu. Egiaztapen hori abiapuntu hartuta, Konstituzioa nahiz Autonomia Estatutua (9.2 artikulua) ez dira konformatu berdintasunaren printzipioa aldarrikatzearekin, baizik eta pertsona ororen arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izateko baldintzak susta ditzatela agindu diete herri-aginteei.

Legezko manu abstraktu eta orokor hori zehaztu beharra dago, testuinguru historiko jakin batean ezarri ahal izateko. Erakunde honen ikuspegitik, tokiko administrazioen betebehar hori emakume eta gizonezkoek gizarte eta kultura ekintzetan berdintasunez parte har dezaten laguntzea honela zehazten da gaur Hondarribian: Alarde mistoa ospatu behar da, emakumeek egiaz pairatzen duten diskriminazioa galaraziko baitu. Bestela esanda, oraingo egoeran, udal horrek ezer ez egiteko jarrera onartuko balu, Konstituzioko agindua nabarmen hausten arituko litzateke, eta berdintasunaren printzipioa modu formalistan eta hutsalean interpretatzen arituko litzateke.

Horren gainean, gogora ekartzekoa da Auzitegi Gorenak 2002-11-13ko Epaian (5. oinarri juridikoan) udal horri egin zion ohartarazpen hau:

"...corresponde a dicha Administración, como Poder Público, promover las condiciones que hagan real y efectiva la igualdad, remover los obstáculos que la impidan o dificulten, y facilitar la participación de todos los ciudadanos en la vida política, económica, cultural y social, a tenor de los arts. 1.1 y 9.2 de la Constitución, de modo que, sea cual sea la naturaleza del evento, ostenta éste, sin duda, una dimensión popular que se desarrolla en el municipio, sin que las instituciones públicas de éste puedan inhibirse como si de algo absolutamente ajeno se tratara o como si se desarrollara poco menos que en la estratosfera, lo que bien puede quedar reforzado cuando derechos fundamentales y principios o valores superiores andan en juego,...".

Beste modu batera esanda, emakumeak herriko jaietako ekintza nagusitik baztertzearen aurrean, udal horrek ezin du axolagabe agertu. Ekintza positiboko politika bat abiarazi behar du, bizitza publikoan parte hartzean emakumezko eta gizonezkoen artean erabateko berdintasuna erdiesteko. Iritzi bera adierazi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek (2003-10-17ko eta 2004-05-05eko arauz kanpoko proposamenak): Alardean "emakumezkoek beren herrikide diren gizonezkoen baldintza beretan parte hartzeko eskubide ukaezina dutela" berretsi ondoren, Irungo eta Hondarribiko alkateei gogorarazi zien "beharrezko baldintzak sustatu eta oztopoak kendu behar dituztela berdintasun hori benetakoa izan dadin, baita eremu pribatuan ere". Horrela, Batzar Nagusiak ados daude asmo berarekin Eusko Legebiltzarrak, Emakundek eta Arartekoak asmo berarekin egindako adierazpenekin.

Aipaturiko herrietan emakumeek bizi duten desberdintasun-egoera onartzea da berori gainditzeko lehen pausoa. Tratu kaltegarri horri ezin zaio garrantzirik kendu "jai bat baino ez dela" alegatuz. Funtsean, sortu den gatazkaren esanahi sinboliko izugarriarekin batera, kolokan jartzen da diskriminaziorik ez pairatzeko eskubide oinarrizkoa. Ildo horretan, gogorarazi beharko litzateke genero-indarkeriaren fenomeno beldurgarria gaur egun gizarte arazo larrienetakotzat jotakoa gaitzetsi egiten zela orain urte gutxi, erasoak "bikotearen kontuak" edo "etxeko arazoak" zirelakoan, eta erakundeek ez zeukatela horien aurka esku hartzerik. Orain, berriz, gizarteko gaitz horren egiturazko jatorria agerian jarri ostean, herri-aginteek beren gain hartu behar izan dute indarkeria hori desagerrarazteko borrokan duten erantzukizuna.

Hortaz, emakumeen kontrako indarkeriaren eta emakumeak Alardetik kanpo uztearen ondorioak berdindu nahi ez baditugu ere, ezinbestean onartu beharra dago bi fenomeno horiek kausa edo jatorri bera dutela: gure kultura patriarkalak emakumeei ezartzen dien mendeko egoeraren adierazpen ezberdinak dira.

Egun onartezina iruditzen zaigu erakunde publikoek jarrera geldoa edo uzkurra erakustea genero-indarkeriaren aurrean edo eremu pribatuan gertatzen diren bestelako diskriminazioen aurrean adibidez, laneko harremanetan . Ziur asko, hemendik urte gutxi batzuetara, inork ezingo du ulertu Hondarribiko udal agintariek emakumeak Alardetik baztertzea utzi izana, egoera bidegabe hori konpontzeko ezer egin gabe. Horregatik, kontuan izanik udal horrek bere esku duela berdintasunean aurrera egiten laguntzeko aukera, Alarde publikoa eta biztanleria osoarentzakoa sustatuz, herritarren eskubideak defendatzen dituen erakunde honek berriz eskatu behar dizu onar dadila elkarte kexagileen eskaera.

Horregatik guztiagatik, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak Arartekoa sortu eta arautzekoak 23. artikuluan ezarritakoaren arabera (lehentasunez eta berehala bidali behar direla Arartekoak eskatutako datu, agiri, txosten edo argibide guztiak), mesedez, adieraz iezaguzu 20 eguneko epean azaldutako gaiei zer deritzezun, eta, bereziki, ea udal Alarde baten ospakizuna sustatzeko prest zauden.

Gaurdanik zure ardura eta laguntza eskertzearekin batera, begirunez agurtzen zaitut.


ARARTEKOA


Iñigo Lamarca Iturbe

 

 


Volver a Página Principal