Volver a
Página Principal

ALARDE BAKAR BATEN ALDE,

bazterkeriarik gabe eta libre parte hartuz

 

 

Irungo Euskal Herritarrok

2000ko Apirila

 

1. Euskal Herritarrok San Martzialetako Alarde bakar bat ospatzearen alde gaude: Alarde bakarra, bazterkeriarik gabea, norberaren borondatezko partaidetza librean oinarritua, irundar guztiek, emakumeek nahiz gizasemeek, maila berean parte hartu ahal izan dezaten.

2. Euskal Herritarrok egungo egoera aldrebesa salatu nahi dugu. Bi alarde ditugu, emakumeen partaidetza osoa ziurtatzen duena bata, udalekoa edo ofiziala deitua, antolakuntza gizartearen ikuspegi demokratikoan oinarritzen duena, eta bazterkerian oinarritua bestea, tradizionala deitua, sexista peto-petoa. Irungo Udala, Alkatea (PSOE) eta Gobernu Taldea (PSOE-PP) buru, eta EAJ-EA koalizioaren hats eta laguntzaz, irundar guztion Alardea, sexu-bereizkeriarik onartzen ez duena, antolatzeko betebeharra alde batera uzteaz gainera, bereak eta bost egiten ari da emakumeak baztertzen dituen alarde tradizionalaren alde, legez kanpokoa eta demokraziaren aldetik onartezina bada ere.

3. Euskal Herritarrok salatzen dugu Irungo Alkate jaunaren jukutria, Alarde baztertzailearen defendatzaileen asmoei legezko egokiera bat eskaintzea beste helbururik ez baitu. Alardearen egungo Ordenantza aldarazteko egin duen proposamenaren arabera, betikoz iraunarazi nahi du Alarde baztertzaile hori, eta men egiten die, horrenbestez, Alarde horren defendatzaileen irizpide sexista antidemokratikoei.

Lege, arau eta ordenantza oro aldagarria da; aldaketa horiek, ordea, inoiz ere ezin diete biderik egin gizakien eta herrien oinarrizko eskubideen aurka datozkeen asmoei eta irizpideei. Horrexegatik, zera izango litzateke, hain zuzen ere, Euskal Herritarrok Alardearen egungo Ordenantzan bideratuko genituzkeen aldaketen helburu nagusia, hartan ageri diren hizkera, zeinuak, sinboloak eta balioak eguneratzea, zehazki azpimarratuz emakumeek Alardean parte hartzeko eskubide osoa dutela, gizasemeen maila berean.

4. Euskal Herritarrok zentzu on eta zuhurtzia eskatzen die bereziki "Alardeko gatazkan", hau da, gizartean haustura larria dakarren gizarte-gatazka honetan ari diren alde guztiei, ahalik eta azkarren elkar-hizketan oinarrituriko irtenbide egoki bat izan dezan. Oraingo honetan, egokitasunak bazterkeriarik gabeko Alarde bakarra esan nahi du, eta zera eskatzen du, azken finean, emakumeen partaidetza libreari espaziorik, kasu honetan festa espaziorik, ezin zaiola debekatu onartzea.

5. Euskal Herritarrok bultzatuko ditugu arestian aipatu ditugun helburuen alde hartuko diren erabaki guztiak, inolako alderdikeriarik gabe, ongi baino hobekiago baitakigu Irungo hiritar guztiok izango garela Alardeko gatazka honi emango zaion irtenbidearen protagonista nagusiak.

Irungo Euskal Herritarrok, 2000ko apirila

 

Volver a Página
Principal