|
Iragarritako ordutegiak betez, ofizialean 800 lagun inguru
atera ziren, tradizionalean 7.000tik gora
Bi alardetan banatuta ospatu dute aurten ere irundarrek
San Martzial eguna
Alarde ofizialak ibilbidea liskarrik gabe egin zezan ehunka
ertzainek inoiz baino gehiago zeuden bidea zabaldu zieten •
Liskar handirik ez zen izan, baina alarde ofizialeko partaideei, irain
eta keinu zabar artean, bizkarra eman zieten zenbait irundarrek •
Alarde bietako ordezkariek balorazio baikorra egin zuten, ofizialekoek
gogoratu zuten, ordea, alarde bakar bat egitea dutela xede
A. Iraola-A.
Mendiola / Irun . - ALDEZ aurretik iragarritako orduetan jarri
zuten atzo abian milaka irundarrek urteko festarik maiteenetarikoa: alardea.
Soldadu gisa emakume zein gizonezkoak onartzen dituen desfilea, Udal Alardea
‹ofiziala‹, 08:00etan abiatu zen Urdanibia plazatik. Soldadu
gizasemeak baino onartzen ez dituena, berriz, ‹Betiko Alardea edo
tradizionala‹ 10:00etan.
Zuri-gorri-beltzak izan ziren bi desfileak, txilibitu eta musika
bandaren doinuz hornituak, eta bolbora usainez bete zituzten bazterrak.
Ezberdintasunak ere nabarmenak izan ziren, ordea. Esaterako, partaide
kopurua. «Gurean 648 zenbatu ditugu hasieran, baina gero jende gehiago
ere etorri da, beraz 800 inguru gara denera», esan zuen alarde ofizialeko
jeneral Pablo Susperregik. «Gurean 7.000tik gora gara», esan zuen, ordea,
Beńardo Urtizbereak, alarde tradizionaleko jeneralak. «7.100-7.500 inguru».
Tentsioa
Alarde bietan egon zen tentsio maila ere ezberdina izan zen.
Alarde ofizialak Urdanibia plazan arrankada egin aurretik, ehunka ertzain
‹inoiz baino gehiago‹ jarri ziren San Juan Plaza bitarteko
bidean. Hala ere, martxan hasi zirenean, kontrako zenbait oihu eta txistu
entzun behar izan zituzten. «Kanpora!». «Urdeak!». «Inauteria amaitu da!».
«Traidoreak»....
Ibilbide osoan entzun behar izan zituzten era horretako irainak,
zenbait kasutan, gainera, keinu zabarrez lagunduta. Oro har, hala ere,
beraien aldekoen txalo, oihu eta algarak nagusitu ziren. Hala, eragozpenik
gabe elkartu ziren konpainia guztiak San Joan plazan eta EHko udal ordezkari
baten eskutik jaso zuten Irungo hiriko bandera.
Usadioari jarraituz, Pablo Susperregi jeneralaren aginduak
ere bete zituzten. «Armak goiti!», esan zien andra-gizon soldaduei eta,
bolborazko festa lehertuz, hiru deskarga egin zituzten, pozarren.
Kalezkale, jauzika eta dantzan iritsi ziren Junkalgo Amaren
eliz atarira ere. «Guk urteak daramatzagu desfilean irteten», zioten eskopeta
eskuan, hiru emakume soldaduk. Begi bietatik bat Pablo Susperregi jeneralari
begira zuten. «Izan ere, zein ondo egiten duen bere betebeharra», zioten.
«Zein anarkoa den bera! Eta gaur zer eta jeneralarena egiten dotore asko!».
Urdanibia plazarako bidea hartu zutenean, tentsio uneak izan
ziren berriro. Alarde tradizionala ikusteko prest zeuden zenbait ikuslek
argi adierazi zieten beraien desadostasuna. Bizkarra eman zieten, eta
bizkarka egon ziren desfilea igaro bitartean.
«Gora betiko
alardea!»
Era horretako
tentsiorik ez zuten jasan behar izan alarde tradizionalean irten ziren
7.000tik gora gizasemek eta 19 kantinerek. Kale bazter guztietan milaka
lagun zituzten desfileaz gozatzeko irrikan ‹zenbaitek paparrean
alarde tradizionalaren aldeko pegatinak zeramatzan‹ eta maiz errepikatu
zuten beraien aldarria. «Gora betiko alardea!».
Leiho eta
balkoietatik ere nabarmen azaldu zuten irundarrek alarde tradizionalak
eragiten dien poza. Alarde ofiziala igaro zenean bakanak izan ziren parez
pare zabalik agertu ziren leiho eta balkoiak. Tradizionalarekin, zuri-gorri-beltz
ziren guztiak.
Udaletxeko balkoian ere, nabarmena izan zen ezberdintasuna.
Alarde ofiziala udaletxe aurrean elkartu zenean, udal ordezkari gutxi
batzuk baino ez ziren izan Alberto Buen alkatearen ondoan. Tradizionalen
desfilea ikusteko, berriz, balkoia gainezka zegoen, eta han zeuden zinegotzi
gehienak. Hor kritikatzeko modukorik ez dagoela esan zuen, ordea, Alberto
Buenek. «Izan ere, askatasuna dute udal ordezkariek, ez dute balkoian
alarde bat edo bestea ikusten egoteko obligaziorik».
Elkartasun osoko giroa gozamen, gustura egin zuten ibilbide
osoa alarde tradizionaleko partaideek. Arrunt gustura jaso zuten hiriko
bandera, egin zituzten deskargak eta jarraitu zituzten Beńardo Urtizberea
jeneralaren esanak.
Baina Udaleko
bandera ofiziala Udaletxeko balkoian zintzilik gelditu zen, bi alardeetako
bati ez ematearren bakoitzak berea eramaten baitu orain. Ohituraz Udalekoa
eramaten zuten desfilean, baina azken urteetan ez da hala izan.
Zaindariari agurra
Desfile bereiziak izaki, bereizita igo ziren bi alardeetako
ordezkariak San Martzial mendira ere. Martzial deunari era bitan egin
zioten agur.
Esaterako, Udal Alardeko ordezkariek San Martzial mendian 12:00etan
egin zen elizkizunean hartu zuten esku. Beren kabuz, beranduago, Betiko
Alardeko kideek eskerrak eman zizkioten zaindariari eta kantinerek lore
sortak eskaini zizkioten . Oro har, tentsio uneak izan baziren ere, giroa
barea izan zen San Martzialen. Ertzain ugari zeuden, gainera, bertan.
Arratsaldean berriro ere bi alardeek zeharkatu zuten Irun.
Banatuta.
Alberto Buen: «Gu erabakiak
hartzeko gai gara»
Ainara Mendiola / Irun.- Udaleko talde politikoek
‹EH izan ezik‹ alardearen ordutegiei buruzko erabakia Irunen
har dadin saiatzeko hitzarmen bat sinatu dutela berretsi zion atzo Alberto
Buen alkateak EGUNKARIAri, Betiko Alardearen Juntak asteazkenean hori
iragarri ostean. «Gu gai gara arauak egiteko, eta kasu honetan ere egin
dezakegu arau bat erabakia Irunen hartzen laguntzeko. Aurten saiakera
bat egin da, baina ezin izan da egin, demokraziak behartzen gaituen elkarrizketa
horretara ez garelako garaiz iritsi», esan zuen alkateak. Hala ere, datorren
urtean egin ahal izango delakoan da Buen. «Uste dut egin ahal izango dela.
Ez dakit ordenantza aldatuta edo zein modutan».
Dena den,
horren aurretik elkarrizketa bidea hasi nahi du alkateak. Orain aste batzuek
jakinarazi zuen bezala, «gatazkak konpontzen aditua den talde baten laguntza»
eskatu nahi du bi aldeen ‹Betiko Alardearen Junta eta Udal Alardearen
Junta‹ arteko elkarguneak zeintzuk izan daitezkeen bilatzeko eta
elkarrizketa bideari ekiteko, «etorkizunean traumatikoak izango ez diren
irtenbideak bilatzeko». Ildo horretan kokatu zuen talde politikoek egindako
hitzarmena Irunek har ditzan alardeari buruzko erabakiak, «eta ez behartu
kanpoko estamentuak hori egitera».
Alkatearen nahia da uztailean bertan kontratatzea taldea eta
ikasturte hasieran lanari ekitea. Hala adierazi zuen atzo Alberto Buenek.
«Lau edo bost talde daude Euskadin gatazkak konpontzen adituak direnak
eta horietako bat izan daiteke elkarguneak bilatzen dituena», gaineratu
zuen.
Atzoko egunari buruz balorazio baikorra egin zuen alkateak;
«normaltasunez» eta «oso ongi» joan zela esan zuen. Aste honetan «tentsio
handia» sortu dela aitortu zuen, eta ezinbestean behera egin behar zuela
tentsioak, bere irudiko.
Gainera, Udal Alardekoek eta Betiko Alardekoek «errespeturako
deia» egin zutela nabarmendu zuen Alberto Buenek, eta horrek ere duda
izpirik gabe lagundu zuela lasaitasun giroa sortzen.
|