Volver a Página Principal
  EGUNKARIA

2000ko uztailaren 4a

 
 
 
 

Mutil gazte bat larri zauritu da Irungo festetan gertatutako liskar batean

Ekainaren 30eko goizaldean izan zen jazoera, alardea hasi aurreko orduetan

Arantxa Iraola / Donostia. - Hilaren 30eko goizaldean, Irungo alardea hasi aurreko orduetan, liskar bat jazo zen Irunen, eta horren ondorioz jasandako zauri larriengatik erietxera eraman behar izan zuten Jon Mikel Pikabea, 19 urteko mutil gaztea. Ertzantzak, zer gertatu zen argitzeko ikerketa bat hasi du. EHk, berriz, erasoa alardearen inguruko gatazkarekin lotuta dagoela uste du eta bihar prentsaurrekoa emango du hori salatzeko.

DONOSTIAKO Arantzazuko Amaren erietxean atzo Egunkaria-ri aditzera eman ziotenez, bertan ingresatuta dago mutil gaztea. Esan zutenez Zainketa Berezien Gela batean egin ditu hainbat ordu. «Baina gaur ja atera egin dugu», azaldu zuten, «beste gela batera eraman dugu».

Izan ere, ospitaleko iturriek aditzera eman zutenez, hobera egin du bere osasun egoerak. Hala ere, buruan sortu zitzaion odolbildu baten ondorioz une larriak igaro ditu mutil gazte irundarrak eta ebakuntza bat egin behar izan diote.

Herrizaingo Saileko informazio iturriek atzo Egunkaria-ri aditzera eman ziotenez, aipatu liskarraren berri atzo izan zuten beraiek, eta ikerketa bat abian jarri zuten. «Jakin badakigu liskar bat izan zela ekainaren 30eko goizaldean Irunen». Oraingoz, jazoeraren inguruko xehetasun gehiago ezin dutela eman esan zuten, ordea. «Izan ere, nahasia izan zen», azaldu zuten. «Soil-soilik esan dezakegu diligentziak ireki ditugula oraintxe ordubete-edo horren atzean zer dagoen argitzeko», esan zuten atzo eguerdian. Gainerakoan, ordea, jazoeraren inguruan salaketarik ez dutela jaso esan zuten.

Irungo udaltzainek ere ekainaren 30eko goizaldean liskarren bat jazo zela berretsi zuten atzo, baina oraindik ez dutela esku artean informazio gehiegi.

Egunkaria-k jakin ahal izan duenez erasoa jazo zenean lagun talde batekin zihoan Irungo Kontrakale kalean Jon Mikel Pikabea, eta beste talde batekin izandako liskarraren ondorioz zauritu zen. Antza, goizeko 05:30 eta 06:00ak bitartean gertatu zen liskarra, alarde aurreko dianan.

Alardearen gatazka eta erasoa

Jon Mikel Pikabea ezker abertzaleko kidea da eta erasoaren gaineko informazioa biltzen jardun dute EHren bulegoan.

Talde abertzaleko informazio iturriek atzo ilunabarrean azaldu zutenez, ondorio argi bat atera dute. Hain juxtu, diotenez, «lotura zuzena» du ekainaren 30eko liskarrak, alardearen inguruko gatazkarekin ­emakumeak soldadu onartzen dituzte irundar batzuek eta kontra daude beste asko­. Mutil gazte irundarra emakumeak soldadu gisa onartzen dituen alardearen aldekoa dela azaldu zuten atzo EHko informazio iturriek, eta horregatik zauritu zutela. Horren guztiaren berri emateko prentsaurrekoa emango dute bihar.

Irungo EHko zinegotzi Koldo Barrosek atzo esan zuenez Jon Mikel Pikabearen familia jazoeraren inguruko informazioa biltzen ari da eta salaketa jartzea aztertzen ari dira.