|
AMETZ BAT Amona, zergatik dago danbor hori hor, egongelan, zintzilik? Historia luzea du danbor horrek. Begira, zu oraindik jaio gabea zinela, alardea arras ezberdina zen. Gizonek osatutako alardea zen. Emakumezkorik ez zegoen, kantinera salbu, eta askotan aipatzen genuen gure artean zein ongi pasatzen zuten gizonek egun hori eta zein gustura ibiliko ginen gu ere; baina horrela gelditzen zen, bagenekielako gai hori ezin zela inolaz ere aipatu. Baina egun batean, 1996ko San Martzial egunean, gizon eta emakumez osatutako talde bat sartu zen alardean: hura ustekabea, haiek garrasiak, haiek oihuak, akabatu ez zituztenean! Baina, amona, orain gizonak eta emakumeak joaten gara! Bai, ez dakizu, ordea, zenbat kostatakoa izan den, orain egiten den alardea egitea, denak batera eta diskriminaziorik gabe egitea. Konta, konta ezazu... Bada, esan bezala, lehenengo urtean horrela izan zen, bat-batean emakume talde bat alardean sartu zen, eta izugarria izan zen, jende gehiena kontra jarri baitzen. Hurrengo urtean konpainia misto bat osatu zen, hau da, gizon eta emakumez osatutako konpainia. Baina urte horretan ere, bigarren ustekabea, alarde guztiko gizonek eta ikusleek konsigna pasatu baitzuten, gu plazan bakarrik utzita, alardea beste ibilbide batetik egitera joan ziren, eta plazan gelditu zirenek harrika hartu gintuzten. Urte horretan, alarde ofizial bakarra gure konpainia izan zen, guk betiko ibilbidea egin baikenuen eta betiko alardearen aldekoek... Baina, zer zen betiko alardea? Betiko alardea gizonez osatutakoa zen, lehen esan dizudan bezala emakumezko bakarra konpainia bakoitzeko kantinera zela. Horrela izan omen zen beti eta horregatik ez zuten emakumezkorik nahi. Itsusitu egiten omen genuen. Eta zer gertatu zen hurrengo urtean? Bada, hurrengo urtean, emakumez eta gizonez osatutako konpainia hori alarde osoa, konpainia gutxiagorekin, baina alarde osoa egiteko gai izan zela eta ofizial bihurtu zela, emakumezkoa ezin zelako baztertu. Baina besteek beren alardea egiten segitu zuten. Eta ongi hartu zintuzteten? Ez, jende gehienak ez gintuen ikusi nahi; urte horretan, ordea, guk uste baino jende gehiagok txalotu gintuen. Ertzainez inguratuta ibili ginen, maitea! Eta hurrengo urtean ere gauza bera gertatu zen, eta horrela hainbat eta hainbat urtetan. Oso gogorra eta zaila izan zen, baina, azkenean, begira, zuri ateratzeko tenorea heldu zaizunerako moldatuta dago. Eta nola moldatu zen bada? Bada, begira, udaletxeko alkate eta zinegotzi guztiek bat egin zuten, nahiz eta askoren gustuko ez zen izan, eta poliki-poliki, politikariek dakiten bezala, jendeari ulertarazi zioten alardeak bakarra eta ez diskriminatzailea izan behar zuela eta pertsona orok lekua izango zuela. Amona, danbor hori nik hartuko dut! Bai, maitea! Mentxu Peña Lizarazu Irun
|
|